ARTEA ETA HIZKUNTZA: ANALOGIA DESEGOKIA1


Aitor Izagirre


ILCLI (UPV-EHU)


(Art and Language: An Inadequate Analogy)

PDF Jaitsi


Abstract

Doing the basic methodological asumption that there is something to be understood under the term 'art' I try to problematize the idea that art is a kind of language. There is no identity among them. People in the very urgency to understand the artistic phenomenon do the easy explanatory linguistic model with an inferiority feeling. I call this the linguistic complex of art. I go to see which could be the elements for an upright concept of language today and after I confront it with the idea of art.I show some basic problems. At the end of the paper I ask about the posibilitie of meaning within the art works and if not how can we understand this human practise adequately.


Keywords: art, language, simbolic system, natural language, communication, cognition



The thinker has his esthetic moment when his ideas cease to be mere ideas and become the corporate meanings of objects. The artist has his problems and thinks as he works. But his thought is more immediately embodied in the object. Because of the comparative remoteness of his end, the scientific worker operated with symbols, words and mathematical signs. The artist does his thinking in the very qualitative media he works in, and the terms lie so close to the object that he is producing that they merge directly into it.”

John Dewey, Art as Experience 19342



Morris Weitz-ek zioen Wittgeinstenen hizkuntza jokoen teoria jarraituz, nahiz eta arterako definizio bat ezin dugun aurkitu, artearen familiazko itxura bat daukaten objektuak ezagutu ditzakegula. Eta bakarrik hori. Artikulu berdin horretan defendatzen zuenaren azpitik inplizituki artea den zerbait badagoela onartzen zuen eta fenomeno artistikoaren ulermenean funtsesko arazorik ez zegoela mantendu ere bai (Weitz). Baina gaurko arte garaikidean murgiltzen den edonork onartuko du gauza ez dela hain errasa eta arazo teoriko mordoa dagoela kontura hurbildu nahi garenean. Pentsatu adibidez Arthur Dantok egindako gogoeta bereiziezinei buruz (Danto). Gaur egungo artean gustiz onargarria da edozein objektu ez artistiko hartzea eta “artearen munduan” bertan sartu inolako eraldaketa materialik (ohargarririk) gabe. Honek arte lanaren eta arte lana ez denaren arteko ertzak suntzitzen ditu “familia hitzura” -ren ideia hori bertan behera utzita. Horrez gain ez dago batere argi 'artea' terminoaren azpitik beti berdina den zerbait dagoenik, are gehiago, erreferentziaren bat egotekotan zein den hori ulertzeko modu aproposa ez daukagu batere argi. Alabaina artea den zerbait badagoela onartzeko beharra daukagu, horain kezkatzen gaituen hautura iritsi nahi badugu behintzat. Gizakiok kultura ezberdin guztietan 'artea'3 izendatu dezakegun zerbait egon badagoela onarturik, fenomeno hori ulertzeko beharrean gaude. Antropologia, soziologia, historiagintza, ekonomia edo ta psikologiak ezagutza handia ematen digute bakoitzak bere esparruaren bereiztasun zientifikotik. Baina filosofía da disiplina teoriko guztien artean kritikoena izan daitekeena. Analisi kontzeptualaren aldetik behintzat. Artearen filosofiaren zeregina da, hain zuzen ere, arteari buruzko diskurtsaoaren analisi kontzeptual kritikoa. Eta horrela, fenomeno produktibo mota horren ulermen bearraren betetzea. Zeregin hori beste zientzia laguntzaileren datuez baliatuz kritikoki egin behar du.


Herri psikologia bat dagoen moduan, badaude ere arte 'teoria' herrikoiak. Akademiatik kanpoko jendeak normalean mantentzen dituen diskurtsoen ideiak osatzen dituzte 'teoria' hauek. Eguneroko hizkera arruntean esaten ditugun zenbait gauzen artean batzuk besteak baino eragin handiagoa daukate. Eragina baino ondorioak esan genezake. Terminoak, hitzak erabiltzeko moduak diskurtsoan, bertan ondorioak dauzkate normalean geure pentsatzeko moduan eta egiteko moduan ere bai. Filosofiak topiko horietatik alde egin behar du, aldegite horretan akritiko den guztia suntsituz. Honako ohar kritiko hauen xedea artearen teoria herrikoi horren topiko oso ezagun baten eztabaida egitea da. Artea eta hizkuntzaren arteko berdintasuna aldarrikatzen duenarena hain zuzen ere.


Noski, hau ere akademian bertan mantenduriko tesia dela. Eta pentsatzen dut ikusi behar dugula noraino ailegatzen duen argumentuen irmotasuna, noraino mantendu dezakegun halako tesia. Izan dira filosofo ospetsu asko analogia erabili edo defendatu izan dutenak, eta horregatik uste dut topiko hutsa baino gehiago dela. Asierako John Dewey filosofoaren aipuan antzematen da aldarrikatu nahi dudan ideia nagusia: arte lanean murgiltzen dena ez dago zientzialaria edo filosofoa bezala hitz eta sinboloekin lanegiten, baizik eta beste era batean, esperientzia zuzenak sortarazten dituzten materialekin. Artea hizkuntza modua baino ez dela mantentzerakoan giza ekintza mota honen bereiztasunak ezabatzen ditugula pentsatzen dut, hizkuntzaren aspektu baliotsuenak indargabetzen dugun batera. Askok mantenduko dute artea hizkuntza mota bat ez izateak gustiz agerikoa dela, danok dakigun zerbait alegia. Inolako arazorik ez dagoela bertan eta denbora galera baino ez dela pentsatuko dutenak egongo dira ere bai. Baina filosofiak betidanik agerikoaren aurrean erreakzionatu ohi du, eta nik gauza ez dagoela batere argi mantentzen dut. Honako testu laburrean artea eta hizkuntzaren arteko analogiaren zenbait auzi problematiko aurkeztu nahi ditut interesa duen edozeinentzat.


Aurrerago esan bezala, artea eta hizkuntzaren arteko identitatea mantentzen duten diskurtsoak ez daude herri arloetan bakarrik. Esparru akademikoago eta espezializatuagoetan aurki ditzakeguz adibide ugari. Historialaritzan, arte kritikan, tesi doktoraletan eta sarritan artistek heuren lan propioak komunitate artistikoaren aurrean azaltzerakoan topatzen ditugu ideia hau baieztatzera datozen perpausak. Zenbait adibide izango litzateke Wassily Kandisky-artista ospetsuaren “Sorkuntzaren Gramatika” (tituloa alemanieraz) testua, Omar Calabrese semiologoaren Il linguaggio dell'arte, Moshe Barasch historialariaren The language of Art. Studies in Interpretation, edo Valeriano Bozal kritiko espainarraren El lenguaje artístico. Adibide hauek esplizituak dira baina badaude ere inplizituki ideia berbera mantentzen dituztenak, adibidez musikari askok (Eddie Prevost edo ta Derek Bailey musika inprobisatuan esaterako) musikarien soinu mintzaira (idiom) propioez hitzegiten dutenean, arte komisarioren batek margolari edo eskultore baten diskurtso plastikoaz hitzegiterakoan eta orokorrean arte plastikoetan hitzegitearekin analogia agertzen den bakoitzean. Filosofian bertan badaude adibide garrantzitsuak ere, nabarmenena agian Nelson Goodman-en Languages of Art lan ospetsu eta eraginkorra eta, berrikiago, Garry L. Hagberg-en Art as Language liburuarekin. Beraz adibideak faltan dituen diskurtsoa ez baizik, gogorki finkaturiko ideologia antzeko4 zerbaiti buruz hausnartsen ari gara.


Arte produkzioaren fenomenoa azaldu eta ulertu nahi dugunean, saiatzen gara zeregin hori modurik errasenean egiten. Esan nahi dut, zientzian bezala, teoria honak simpleak izan behar dira, eta simpleagotu badaitezke eta ez baditugu simpleagotzen orduan teoria kaskar batekin gabiltza. Hala ere azalpenaren sinplifikatze saialdian ikusi beharra dago sinplifikazioa posiblea den edo ez, eta zein prezioan egiten dugun hori. Gertatu daiteke, eta sarritan gertatu ohi da, fenomenoa bera simplifikatzea eta ez azaltzeko era. Artearen kasuan halako zerbait gertatu daitekeela pentsatzen dut, konkretuki hizkuntzarekin konparatzerakoan. Ikusten dut ulermenaren premian askok oso errazki jotzen dutela hizkuntza modelura galderak erraz asetzen dituelako, itxuraz behintzat. Eztabaidatzeko orduan gutxiagotasun eta nagusitasunaren terminoetan kokatzen dira, artea hizkuntza baino gutxiago edo hizkuntza artea baino gehiago den zerbait susmatzen. Artearen hizkuntza konplexua deritzot honi. Nabarmendu nahi dudan oharrik garrantzizkoena, artea hizkuntza modeluarekin azaltzerakoan, fenomeno artistikoaren murrizketa bikoitza egiten ari garela da: artearena eta hizkuntzarena.



Hizkuntzaren kontzeptua


Asteko erabiltzen ari garen hizkuntzaren ideia mugatzea komeni zaigu. Zenbat eta ideia ahulago eta ambiguoagoa eduki gero eta errazagoa bait da analogia mantentzea. Baina analogia edozein preziora mantentzea ez litzateke intelektualki oso gauza osasuntsua izango. Eraiki beharko genuke hizkuntza kontzeptu duina, gaur egun eskuragarri dauzkagun ekarpen zientifikoak kontuan izanda eta ez azkenengo 100 urteetako lan guztia existituko ez balitz besala eginez. Agian beharreskoak eta nahikoak diren baldintzez ornituriko definizioa ez dugu erraski aurkituko, baina horretarantz urbiltzen gaituen ahaleginak egin behar ditugu.


Hizkuntza termino ubikuoa da. Elkarrizketa arruntean flexibilitate handiz erabiltzen dugu gauza ezberdin askotarako, hitz erosoa dela esan genezake. Gizakiok animali linguistikoak garela aski dakigu. Kultur baten muinean jaiotzen gara eta hizkuntz bat edo gehiago ikasten dituguz, euskera edo gaztelania adibidez. Hau izango litzateke terminoaren erabilpenerako adibide bat, aproposena seguruenik. Baina beste adibide batzuk badaude: naturalak ez diren hizkuntzen multsoa. Honakoan ordenagailuan programatzeko hizkuntza formala, logika sinbolikoaren hizkuntza formala, algebraren eta analisiaren hizkuntzak matematiketan, eta abar. Herri mailean (baina ez bakarrik) askok hitzegiten dute erleen hizkuntzaz edo musikarenaz adibidez. Askenik hizkuntzarekin askotan parekatzen diren adibide asko daude, baina beste familia handiago batean kokatu beharko genituzkeenak. Hauek sistema sinbolikoak dira, Roland Barthes-ek aztertutako modaren sistema esate baterako.


Baina komeniko litzaiguke gauzak ez nahastea, eta ezberdintasun kategoriko batzuk sartzea aipatutako adibideetan. Alde batetik, maila orokor batean sistema simbolikoak eukiko genituzke. Sistema simbolikoaren kontzeptua hizkuntzarena baino zabalagoa da, inklusiboagoa. Bere baitan hizkuntzak daude baina ez dira hizkuntzera murrizten. Sistema hauek simpleak izan daitezke edo konplexuak, baina garrantzitsuena naturalak edo artifizialak izan daitezkeela da, non 'naturala' naturalki ikasi eta erabiltzen ditugula esan nahi du, eta 'artifiziala' gu geuk geure interez zehatzetarako zerotik eraikitzen ditugunak. Sistema sinboliko artifizialen atalean hizkuntz formalak egongo lirateke. Aipatutako logika edo algebrarenak esaterako. Sistema sinboliko naturalen sailkapenaren barne guk hitzegiten ditugun hizkuntzak daude. Esandakoarekin pentsatu dezakegu zenbait hizkuntz modelo ezberdinetan. Alde batetik Morse kodea, bestetik euskera, bi aipatzearren.


Charles Morris-etik hona hizkuntza hiru dimentsiotan aztertu dezakegun ideia onartu ohi da. Sintaktikoki, semantikoki eta pragmatikoki alegia. Fenomeno linguistiko oro konbentzionalki eratutako zerbait da. Hau esan nahi du aldatu egin daitezkeela baina beti sistema osoaren koerentzia mantenduz. Hizkuntza naturalak bete behar dituzten ezaugarri batzuk aipatuko ditut Hierro Pescadori jarraituz (Hierro S. Pescador). Hizkuntza natural batek ikur sistema bat da non betebehar nagusiena komunikazioa lortzea izango litzateke. Sistema subsistema fonologikoan eta subsistema gramatikalean banaturik dago. Subsistema gramatikalak elementu sintaktiko eta elementu semantikoak dauzka. Hizkuntza oro kreatibitatearako aukera dauka beti, espresio gramatikalki egokien zenbakia bukaezina da beti arau finito batetik abiatuz. Horrek semantikaren aldean bere eragina dauka, esanahi berrien zenbakia berdinki bukaezina da. Kreatibitatearen propietate horrek ere, sistemaren arauak aldatzeko aukera zabalik usten du. Hizkuntzaren esanahiak konbentzionalki ezartzen dira. Sistemaren zenbait elementu denotazeko propietatea daukate, hau da, munduko elementuetara zuzentzeko gaitasuna. Hemen esanahierako toki garrantzitsua dago. Hizkuntza naturalarekin gizaki batek bere kontestu zehatzetik ihes egiteko aukera dauka, beste denbora eta beste espazio batera joz. Beraz mundua errepresentatzeko eta errepresentazio horiek kreatiboki erabiltzeko gaitasuna ematen digu hizkuntzak. Gaitasun hori erabili daiteke helburu desberdin askotarako, garrantzitzuenetariko bat komunikazio eraginkorra lortzea izanez. Beste zenbait ezaugarri sartu dezakegu ziur baina ohar hauen helburua betetzeko nahikoa daukagu momentuz.


Arestian aipaturiko ezaugarriak eta helburuak desberdinki azaldu ohi dira. Urte askoz eragin handia izan duenetariko bat kode modelua daukagu. Hizkuntza sistema kodifikatua baino ez litzateke izango, non funtzionatzeko era igorle batek buruan daukan edukia (errepresentazioa) kodifikatua izango litzateke mesu batean. Gero mezu hori, kodea ezagutuz gero, dekodifikatuko beharko luke jasotzen duenak. Ikur basikoen multzoaz, espresioen forma ematen duten ikurrak bateratzeko arau multzoaz, eta esanahi konbentzionalak ezartzen duen semantika asoziatu batez osaturik dago hizkuntza mezuak sortzeko. Eredu honetan nahiko errasa gertatzen da sistema konputatzea. Baina ez dirudi gizakiok eguneroko elkarrizketan egiten duguna hain simplea denik. Kezka honetik abiatuz, John Austin filosofo britainiarrak XX. mendeko bigarren partean ireki zuen bide berria. Bide hori ez zen batere erreferentzialista baizik eta pragmatikoa: hizkuntzarekin ekintza modu bereziak burutzen ditugu. Hemendik Paul Grice garatu zuen bere elkarrizketaren teoria. Teoria horren baitan 'relebantzia' kontzeptua proposatzen zuen, baina ez zen berak teoria oso bat kontzeptuaren inguruan landuko zuena, Dan Sperber eta Dreide Wilson ikerlari bikoteak baizik. Heuren Relebantziaren teoria (Sperber & Wilson, p.171-177) giza komunikazioaren teoria general bat da. Eta bertan hizkuntzaren kontzeptu propioa proposatzen dute. Komunikazioa hizkuntzaren bidez lortzen dute gizakiek gehien bat, baina ez mezuak kodifikatu eta dekodifikatuz baizik eta kontestu komunikatiboan informazioa ostentziboki erabiliz inferentziak eginez. Komunikazioa hizkuntzarik gabe lortu dezakegu, nahiz eta hizkuntzarekin komunikazio komplexuagoa burutu. Beraz modelo inferentziala dugu hau. Eta hemen hizkuntzak jokatzen duen zeregina zentrala da, informazio kantitate haundiak era ekonomikoenean erabili dezakegu era ostentziboan, hizkuntzak paper kognitiboa dauka (errepresentazioen bidez) komunikatiboa baino lehen.


Artean pentsatzen dugunean, eta hizkuntzarekin analogia egiterakoan, aipaturiko zein hizkuntz modelu daukagu gogoan? Ez dirudi egokia formaltasunaren ildotik dijoazen hizkuntza adibideetan pentsatzea. Inork ez bait du lan egiten artean (gaur egun gutxienez) informatikariak programatzen duen moduan edo logikariak teoremak sortzen dituen moduan. Geroago aipatuko dugun solfeoaren adibide problematikoa dago, baina momentuz pasatuko dugu. Orduan badirudi analogia bakarrik ulertu daitekeela hizkuntza naturaltzat hartuz. Naturalki ikasitako hizkuntza izango litzateke orduan margoarena, musikarena, eskulturarena. Eta hizkuntza bein ikasita, horren baitan espresio baliogarriak (esanguratsuak) sortzeko gai den norbait izango litzateke artista. Orduan artea hizkuntzaren modelo esplikatiboaren menpe jausiko balitz, naturalki egiten dugun zerbait bezala ulertu beharko genuke hizkuntza artistiko hori. Hizkuntzaren filosofia eta hizkuntz zientziak ausnartutakoarekin bat egin beharko luke hizkuntza modu hori. Edo bestela, esplizituak egin beharko genituzke euskera eta edozein arte hizkuntzaren arteko ezberdintasunak zeintzuk diren. Hala ere ezberdintasun kopurua ezingo zen haundiegia izan beharko. Adibidez, ulertzen dugu hizkuntz guztietan esaldiak sortu ditzakegula. Beharrezkoa dela hizkuntzak hizkuntza izateko esateko ahalmena izan, perpausak sortu, eta gramatikaren arauetara egokitzen diren esaldiak izan behar dira. Gramatikaltasunaren esaugarri hau lagundu behar du, hiztun bakoitzak esaldi horiek hitzegiten duen hizkuntzarenak aintzat hartuz.



Analogiaren zenbait arazo


Esan dut asieran, artea eta hizkuntzaren arteko analogia zalantzan jarri nahi nuela testu honetan. Ikusten dudan erosotasun falta teorikoa erakutziko dut, orain, esandakoaren ostean prestuago baitnago halako zerbait burutzeko. Arazoa ez da arteak ez duela merezi hizkuntzak duen meriturik. Baina arteak gaur egun ematen dizkigun adibideen multzoa5 hizkuntzak emandakoarekin disjuntuak direla pentsatzen dut. Batekin gauza batzuk egiten ditugu, bestearekin beste batzuk, nahiz eta elemento batzuetan bat etorri daitezkeen. Esate baterako, komukikazioa ez da hizkuntzan agortzen nahiz eta hizkuntza bidez komunikazio hobezina lortu. Arte bidez komunikatu gaitezke elkarrekin gizakiok sentzu batean, baina artea ez da funtzio komunikatiboan agortzen. Artea eta hizkuntzaren arteko analogia ertzeraino jarraituko bagenu onartu beharko genituzke onartezinak diren zenbait gauza. Garrantzitsuenetariko bat izango litzateke arte lan bakoitzean (obra bakoitzean) funtzesko edukiera informatiboa dagoela, pertsona batetik bestera transmititu beharrekoa, eta edukiera berdin hori, espresio edo hizkuntza desberdinetan espresatu daitekeela. Edukiera proposisionala alegia, italianotik euskerara itzultzerakoan, kodea aldatzerakoan, berdintsu mantentzen dena. Edo modelo ostentsibo inferentzialean, jaso behar dugun informazioa relebantea. Baino gutzik onartuko lukete filme esperimental batean dagoena (edukiera) beste 'hizkuntza artistiko' desberdin batean espresatu daitekeenik meszua mantentzen. Ezta mezua den zerbait egon behar dela arte lanean, ezta komunikazioa burutzeko relebantea den informazioa dagoenik ere. Uste dut arte lanean bertan dagoen edukiera guztia garrantzitsua dela lana definitzerako orduan. Informazio guztia garrantziskoa. Elementu nimiñoa aldaturik lan ososaren sentsua eta balioa aldatu dezakegula badakigu, ez hizkuntzarekin lorturiko komunikazio arruntean gertatzen den bezala.


Interesgarria da poesiaren kasua honako hau ulertzeko. Poesia arruntean pentsatzen ari naiz, ez poesia garaikide esperimentalean baizik eta hitzen bidez egindako arte lan tradizionaletan. Danok euki dugu noizbait poemaren itzultzearen esperientzia latza. Nola hizkuntza natural batean idatzitako bertso originala, beste hizkuntzako hitzetan berridazteko orduan sortzen diren arazoak. Obeto edo txarrago egiten den praktika arrunta izan arren, badakigu hemen garrantzitsua den edukiera informatiboa dagoela baina aldi berean, aurkezteko eran dagoela baliorik haundiena. Hitz bakar batek edonon baino gehiago osorik eraldatzen du olerkiaren izatea. Gauza berdina alor besteetan. Ez ote da izango olerkiari 'artistikotasuna' ematen diona ez dela hitza bera, baizik eta hitzaren erabiltzeko modua? Ez al da izango poesia ez dela hizkuntz bat baizik eta artea hizkuntzaren bidez? Eta besteetan berdintsu. Artean hizkuntza bat erabiltzea, hau da, artea hitzaren bidez sortzea ez da artea hizkuntza izatea. Margoaren kasuarekin analogia bat egin dezakegu. Koadro guztietan kolorea erabiltzen du margolariak, eta ez dugu horregatik esaten artea kolorea denik, hau da, ez dugu artea eta kolorearen arteko identitaterik aldarrikatzen. Hau da sartu nahi dudan distintzio teoriko bat: artea hizkuntza bidez, eta artea hizkuntza legez. Ikusi dezagun beste adibide klasiko bat, musikarena. Musika ulertua izan ohi da “emozioen hizkuntzaren” muinaren bezala. Bide horretan argudiatu da solfeoaren nabaritasuna. Lehenik esan beharra dago soinuek nola emozioak denotatzen duten ez dakigula, ezta emozioak kasu bakoitzean zeintzuk diren nola zehaztu ere. Baina garrantzitsuena ez da hori, baizik eta solfeoa sistema simboliko moduan soinuetara erreferitzen dela, eta soinu horiek emozioetara erreferitzen. Hau da, sistema sinboliko bat erabil dezakegu neurtutako soinuak aipatzeko, sistemak ezagutuz gero edonork irakurri dezake konpozizio musikala. Baina horrekin ez dugu argitu nola hitzegiten dugun soinuen bidez. Zer esaten du Ravelek bere bolero ospetsuan? Solfeoaren 'hizkuntza' esagutuz, partitura irakurri dezaket eta jakin nola soinuak dauden denboran antolaturik, baina ez dut horrekin esandakoa ulertzen, esandakorik ez bait dago. Musikak ez du hitzegiten, bakarrik soinuak erakutsi.


Horain egindako desberdintasuna ez egitearen ondorio batzuk hauek izango lirateke. Lehenik, artea bera hizkuntza bada (eta ez arte mota batek hizkuntza bat erabiltzeak bere asmoetarako), eta lehen ezarri dugunez artea hizkuntza bada hizkuntza naturala izan behar du, orduan hizkuntza artistikoaren gramatika bat egon beharko litzateke. Pentsa dezagun momentu batez pintura abstraktoan. Edozer eginteko 'baimena' dagoela gaur egun badakigu, edozer. Nork defendatuko luke margoaren gramatika bat dagoela, ikasi behar duguna 'espresio zuzenak' sortzeko? Eta hori eginda, danok ulertuko genuke espresioaren esanahia? Ondorioak harago eraman ditzakeguz oraindik. Artea hizkuntza izatekotan artearen ikerketa hizkuntzalaritzaren menpe egokituko litzateke. Eta artearen filosofia hizkuntzaren filosofiaren mente, edo alderantziz (eta hau gutzik onartuko lukete) hizkuntzalaritza artearen ikerketaren menpe. Hizkuntzaren ikerketan zientzia asko dago lanean filosofiatik aparte. Horietako batean seriotasunez lan egiten duenak ez du errazki onartuko ingelesa eta eskultura esparru berberan daudenik.


Hizkuntza ikurrez sortuta dago, sistema sinboliko bat lehen aipatu dugunez. Ikurrak beti beste zenbait gauza seinalatzen dute, denotatzeko propietatea daukate. Eskemarik basikoenean hizkuntzak errepresentazio sistemak dira. Errepresentazioak egin eta era konplesuan erabiltzeko sistemak. Orduan edozein artearen teoria linguistiko onartu beharko luke arte representasio mota bat dela. Eta arte abstraktoaren eta arte performatiboaren ondoren (edozein generotan) ez da gauza erraza alako teoriarik onartzea. Noël Carroll filosofoak eztabaidatzen du teoria zahar honen kontra (ikusi Carroll), erakutziz zein sostengaezina den XIX. mendeko artetik gurera. Zer errepresentatuko ote du konposizio zaratatsu batek?



Bukatzeko gogoetak


Galdetu beharra dago esandakoaren harira ea zentzuren batean artelanaren 'esanahiari' buruz hitzegin dezakegun ala ez, eta ahal izatekotan zein izango litzatekeen hizkuntzarekiko erlazioa. Arte lana ez bait du ezer esaten (proposizioak esaten duen moduan) erakutsi baizik. Nahiz eta ezer ez esan arte bidez, zaila da pentsatzea esanguratzuak ez direla lan artistikoak. Agian esanahiaz baino gehiago, lanaren ulermenaz hitzegin beharko genuke, lanaren zentzua zein den galdetu, beharbada. Artea zertarako egiten dugun gizakiok da askenean kolokan dagoen auzia artea eta hizkuntzaren arteko analogian. Artea azaltzeko modelo baliogarri baten atzetik gabiltzanontzat hizkuntza konplexua oztopo larria baino ez dirudi, artearen esaugarri propioak txikitzen dituelako. Hizkuntza eta sistema sinbolikoek dauzkaten ezaugarrien artean agian analogikoki artea gogoratu dezakegute. Zentzu horretan metaforikoki aipatu dezakegu artea, baina ez txikiketa tranpatietan jausi. Metafora erabiltzerakoan, metafora delaren kontzientzia galdu gabe beti, harago joan behar du artearen filosofiak. Gizakiok hizkuntzarekin gauzak esaten ditugu, gauzak egiten ditugu (performatibitatea), elkarrekin komunikatzen gara eta abar. Baina egin behar garen galdera da ea gauza berdin horiek diren artearekin egiten ditugunak edo ez. Nik ez dut halakorik uste. Ukaezina da gizakiok animali linguistikoak garela, hizkuntzak eratzen gaituela. Hortik ihes ezinik, egiten ditugun gauza guztiak hizkuntza bidez mediaturik daude neurri batean, baina gizaki hizkuntzdunak izatea eta erabilitako hizkuntzen arteko ezberdintasuna beharrezkoa da. Artearen mundu soziala, soziala den neurri berean aski linguistikoa den mundua da. Arte kritikak, artisten testuak, manifestuak, historia aztertzen duten liburuak, eta artearen onuradunek hizkuntzaz konposatutako gizakiak dira. Baina artearen ekintza ezin dugu hitzegiteko ekintzarekin nahastu, hizkuntza eta gastronomia nahasten ez dugun bezala.


Artearen fenomeno teorikoki iheskorrera (ez hain beste praktikoki) beste nonbaitetik abiatu behar gara. Bide horretan artearekin zer irabazten dugun edo zertarako egiten dugun beharrezkoa da hausnartzea. Xede horretan derrigorrez aspektu kognitiboa agertuko da. Ezagutza, kontzientzia edo emozioak bezalako kontzeptuak zer nolako betebeharra daukaten estetika lehen planoan duten giza ekintzetan ikertu beharko genuke.





Erreferentziak


Goodman, Nelson, (1976) Languages of Art. Indianapolis: Hackett

Carroll, Noëll, (1999) Philosophy of Art. A Contemporary Introduction. New York: Routledge

Danto, Arthur, (1981) The Transfiguration of the Common Place. Cambridge, MA: Harvard University Press

John Dewey, (1934) Art as Experience.

Garry L. Hagberg, (1995) Art as Language. New York: Cornell University Press

Weitz, Morris, (1956) The Role of Theory in Aesthetics. Journal of Aesthetics and Art Criticism, 15, pp. 27-35. Rerpinted in Lamarque, P. and Olsen, S. H. (eds.) Aesthetics and the Philosophy of Art. The Analytic Tradition. Oxford: Blackwell (2004)

Hierro S. Pescador, José (1986) Principios de filosofía del lenguaje. Madrid: Alianza Editorial

Stecker, Robert, Definition of Art. in Levinson, Jerrold, (ed.) The Oxford Handbook of Aesthetics. Oxford: Oxford University Press, 2003

Sperber, D. & Wilson, D. (1986) Relevance: communication and cognition. Oxford: Blackwell

Kristeller, P. Oscar, (1990) The Modern System of the Arts. in Renaissance Thought and the Arts: Collected Essays, Princeton, NJ: Princeton U.P.

-

1Testu hau idazteko Eusko Jarlaritzaren doktorego aurreko beka baten laguntza izan dut.

2“Pentsalariak badauka bere momentu estetikoa, ideiak idei hutsak izateari usten diotenean eta objektuen esanahi gorputzdun biurtzen direnean. Artistak bere arazoak dauzka eta lanegiterakoan ausnartzen du, baina bere ausnarketa objektuari zuzenkiago erantsia dago. Zinetzialariak bestalde, bere helburua urrunago kokaturik daukanez, sinbolo, hitz eta ikur matematikoekin lan egiten du. Artistak lan egiten duen bitartekari kualititiboetan burutzen du bere pentsamendua, eta bere helburuak produzitzen duen objektuaren hain urbil daudenez berarekin urtu egiten dira” Hitzulpena nirea da.

3Ez da ohar hauen helburua artearen definizioaren auzian sartzea (horretarako ikusi, Stecker 2003). Baina metodologiagatik kontuan izan behar dugu terminoaren erabilpenaren aspektu batzuk. Lehenik 'artea' hitza tradizio latinoan bakarrik sortzen dela, eta terminoa ez ezik kontzeptua bera seguruenik (ikusi Kristeller). Ala eta gusti antropologiatik beste kulturetara begiratzen denean, denetan topatzen dugu gure artearen kontzeptu zabalarekin konparatu daitekeen zerbait, hots estetikoki balioetsi daitekeen produkzioen multsoa. Hemengo testu honetan 'artea' terminoaren aspitik zerbait badagoela gain hartsen dugunean ez gara hain urrun joango eta gure alor kulturaletik urbil mantenduko gara. Mendebaldeko gizarteetan alegia, eta bertan artearen historiarekin erlazionatu ditzakeegun adibideetan pentsatuz.

4Honekin ez dut esan nahi Nelson Goodman filosofo ideologikoa denik. Baina bai akritikoki hedatuta dagoen ideia anbiguoan murgiltzen dela.

5Eta Arthur Dantok dioenez (Danto 17. or) edozein arte teoria garaikideak artearen mundu osora aplikablea izan behar du. Aplikatzea ezinezkoa den artetik datorren adibide bakar batek teoria osoa ezeztatuko luke, teoria filosofia analitikoa izan behar badu.



ATZERA